Nola aplikatu
baldintzapeko formatua gelaxka bati
OpenOffice.org dokumentazio-proiektuaren
eskutik
Edukien aurkibidea
1. Sarrera: adibide bat
Liburu-saltzailea zara, eta egunero saltzen dituzu liburuak. Astean saldutako liburu-kopurua koloretan nabarmendu nahiko zenuke: emaitza 100 baino gutxiago bada, horiz, eta 100 baino gehiago izanez gero, urdinez.
Horretarako, bi estilo berri (kolore bakoitzeko estilo bat) eta bi formatu-baldintza sortu behar dituzu: bata 100 baino zenbaki txikiagoentzat, eta bestea, 100 edo 100 baino handiagoentzat.
Egin dezagun, bada!
2. Estilo berria sortzea
Estilo berria sortzeko, lehenik eta behin, ireki Estilista:
- aukeratu Formatua - Estilista
- edo sakatu F11 tekla,
- edo egin klik Funtzio-barrako Estilista ikonoan :
Estilista leihoaren barruan, erabiltzeko prest dauden zenbait estilo dituzu. Lehenetsia estiloa erabiliko duzu, zuk zeuk sortutako estiloaren oinarri gisa:
- hautatu, beraz, Lehenetsia estiloa,
- laster-menua bistaratzeko, egin klik bertan eskuineko botoiarekin,
- aukeratu Berria...
Agertuko den elkarrizketa-koadroaren leihoak hainbat fitxa ditu, beheko diagraman ikus daitekeen bezala:
-
Antolatzailea fitxan, idatzi estiloari jarriko diozun izena; honi 'urdina' deituko diogu,
-
joan Atzeko planoa fitxara, eta aukeratu kolore urdina koloreen paletatik,
- ondoren, jo Letra-tipoa fitxara; aurkitu Automatikoa, eta sakatu Ados.
Estilistan, sortu berri duzun estiloa agertuko da eman diozun izenarekin. 'Horia' estiloa sortzeko, errepikatu azaldu ditugun urratsak.
Oharra: Atzeko planoko estiloa sortu duzu, baina beste ezaugarri batzuk ere aplika ditzakezu estiloan. Beste fitxetan klik eginez gero, beste hainbat funtzio agertuko zaizkizu, hala nola, ertzak aplikatzea, letra-tipoa aldatzea, lerrokatzea, etab.
3. Baldintzapeko formatua aplikatzea
Zifrak idatzi dituzu, formulak sartu dituzu gelaxketan, eta, orain, koloretan jarri nahi dituzu.
Adibide honetan, [B9] gelaxka koloreztatuko duzu.
- Hautatu, beraz, [B9] gelaxka.
- aukeratu Formatua menuko Baldintzapeko formatua
- Agertuko den leihoan, baldintza idatziko duzu:
- 1. baldintzan, klik egin lehen goitibeherako menuko triangelutxoan, eta aukeratu 'Gelaxkaren balioa'
- Bigarren goitibeherako menutik, aukeratu 'hau baino handiagoa da'
- sar ezazu 99 balioa, eskuinaldeko hurrengo koadroan. Nahi baduzu, hautatutako gelaxka alda dezakezu; horretarako, egin klik Txikiagotu ikonoan
- Gelaxka-estiloa izeneko goitibeherako menuan, aurkitu eta hautatu 'Urdina' estiloa,
- Hautatu 2. baldintza kontrol-laukia, eta errepikatu 4 eta 7 arteko urratsak, baina jarri 'hau baino txikiagoa da', ondoren idatzi 100 balioa eta hautatu 'horia' estiloa,
- Sakatu Ados botoia
Ikusi emaitza: idatzi '122' [B9] gelaxkan, eta kolorea aldatu egingo da!
4. Kredituak
Egilea: Sophie Gautier
Eskerrak: Richard Holt-i, proba-zuzentzaile eta OOo-ko laguntzaileari
Integrazioa : Gianluca Turconi
Azken aldaketa: 2002ko urtarrilaren 28a
Kontaktuak: OpenOffice.org dokumentazio-proiektuahttp://whiteboard.openoffice.org/doc/
Itzulpena: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (hizkpol@ej-gv.es)
|