Nola erabili ordenazio-zerrendak eta automatikoki betetzeko funtzioa
OpenOffice.org dokumentazio-proiektuaren
eskutik
Edukien aurkibidea
1. Sarrera
Automatizazio hauei esker, oso erraz txertatzen dira datuak Calc-en. Adibidez, gelaxka batean 'astelehena' idazten baduzu, asteko egun guztiak automatikoki txertatzeko aukera eskainiko zaizu. Eta hilabete-zerrendei dagokienez ere, automatizazio bera aplika daiteke. Izan ere, gehien erabiltzen diren zerrendak automatikoki txertatzeko aukera ematen du OpenOffice.org-ek.
Zenbaki eta datekin osatutako serieetan ere osatze automatikoa aplikatzen da. Klik bakarrarekin edo arrastatze-ekintzarekin zenbakien edo urteen serieak osatu ahal izango dituzu. Praktikoa, ezta?
2. Ordenatze-zerrendak
Hona hemen adibide erraz bat: Idatzi 'urtarrila' gelaxka batean, hautatu gelaxka (behe-eskuinaldeko ertzean karratu txiki bat duen laukizuzen lodiarekin inguratuta egon behar du), eta, ondoren, egin klik karratu horretan eta, saguaren botoia askatu gabe, arrastatu sagua.
Hara! Sagua arrastatzen duzunean, hitzak automatikoki bistaratuko dira informazio-koadro hori batean. Gelditu martxoan eta gelaxkak automatikoki eguneratuko dira.
Softwarean lehendik gordeta daude hainbat eta hainbat zerrenda, eta, nahi izanez gero, zeure zerrenda propioak ere gorde ditzakezu. Ikus dezagun nola egiten den hori.
- Konfiguratuta dituzun zerrendak ikusteko, hautatu Tresnak-Aukerak-Kalkulu-orria-Zerrendak, aukera
Lehenespenez 4 zerrenda izaten ditu softwareak. Gehitutako zerrenda pertsonalizatu bat ikus dezakezu goiko irudian.
Zerrendak ezkerretik, eskuinetik, gorantz eta beherantz sar daitezke. Ordena beti errespetatzen da: Astelehenarekin hasi eta sagua gorantz arrastatzen baduzu, hurrena bistaratzen dena igandea izango da. Gauza bera sagua ezkerrerantz arrastatzen baduzu.
- Orain geure zerrenda propioa sortuko dugu.
- Idatzi zerrenda kalkulu-orrian,
- Hautatu nabarmenduz,
- Hautatu Tresnak-Aukerak-Kalkulu-orria-Zerrendak,
- Elkarrizketa-koadro bat irekiko da eta hor 'Kopiatu' botoia ikusiko duzu. 'Kopiatu hemendik' izeneko testu-koadro bat egongo da botoiaren ondoan. Orriaren izena eta lehen hautatutako gelaxka-area agertuko dira hor.
- Egin klik 'Kopiatu' botoian,
- Pertsonalizatutako zerrenda orduan Zerrenden testu-koadro nagusian agertuko da.
Nahi bezala erabili ahal izango duzu kalkulu-orrietan, eta ordena beti mantenduko da. Gainera, zerrendako edozein elementurekin has zaitezke.
Adibide gisa emandako zerrenda bat gorde nahi ez baduzu:
- Hautatu zerrenden leihoan eta egin klik 'Ezabatu botoian. Zerrenda ezabatu egingo da.
3. Bete automatikoki
Automatikoki betetzeko funtzioa goian azaldutako prozeduraren antzekoa da.
- Hautatu gelaxka-area bat,
- Editatu-Bete; aukeran hautatu 'Serieak...' ,
- Direkzioaren atalean, zehaztu zein direkziotan bete nahi dituzun gelaxkak
- Oraingoz, Serie-motaren atalean hautatu Lineala
- Hasierako balioan,idatzi '2'; Amaierako balioan, idatzi '16', eta, azkenik, Gehikuntzan, idatzi '2'.Gelaxkak 2 eta 16 arteko zenbakiekin betetzeko prestatu ditugu, aldiko 2ko gehikuntza aplikatuz.
- Ikus dezagun emaitza:
Ederki! 8 gelaxka bakarrik bete ditugu, baina 3000 bagenitu? Orduan nabarituko genuke bai zenbat lan kentzen duen!
Ikus ditzagun orain gelaxkak betetzeko bestelako aukera batzuk:
- 'Geometrikoa': linealaren antzekoa da, baina aukera honekin ez duzu zertan hautatu bete beharreko gelaxka-area. Edonola ere, ezinbestekoa da Amaierako balioa adieraztea. Gelaxka gutxi batzuk hautatu badituzu ere, betetzeko ekintzak Amaierako baliora arte jarraituko du. Modu linealak, aldiz, hautatutako gelaxka-kopurua errespetatzen du.
- 'Data': 'Denbora-unitatea'ren atala aktibatzen du. Aukera esplizitua da, bistaratzea nahi duzuna hautatu behar baituzu. Gogoan izan 'Hasierako balioa', 'Amaierako balioa', eta 'Gehikuntza' bete behar dituzula.
- Bete automatikoki: gelaxkak beteko ditu hasierako balioa abiaburutzat hartuta.
Oharra: Datak automatikoki betetzeari dagokionez, gogoratu gelaxkei 'Data' formatua eman behar diezula 'Zenbakia' formatuan (normalean hala izaten dira); bestela, emaitza okerra lortuko duzu.
Automatikoki betetzeko funtzioa aplikatutakoan akatsaz ohartzen zarenean, dagokion gelaxka-area hautatu eta formatu egokia ematea nahikoa da arazoa konpontzeko.
Azkarrago egiteko modua:
- Sartu 1 A1 gelaxkan,
- Sartu 3 A2 gelaxkan,
- Hautatu bi gelaxkak honela: egin klik lehenengoan, mantendu sakatuta [MAIUS] tekla, eta sakatu gezi-tekla,
- Egin klik nabarmendutako arearen behealdeko eskuin-ertzeko karratu txikian, eta arrastatu beherantz saguarekin. Gelaxkei 2 balioko gehikuntza aplikatuko zaie.
4. Kredituak
Egilea: Sophie Gautier
Eskerrak: Richard Holt-i, proba-zuzentzaile eta OOo-ko laguntzaileari
Integrazioa : Gianluca Turconi
Azken aldaketa: 2002ko otsailaren 10a
Kontaktuak:OpenOffice.org dokumentazio-proiektua http://whiteboard.openoffice.org/doc/
Itzulpena: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (hizkpol@ej-gv.es)
|